XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esango nuke pedagogi zentzu haundia eta aparteko sena behar dela gaurko euskaldungoa behar bezala tratatzeko (hizkuntza mailan ari naiz): alde batetik, euskalkiak estimatzen irakatsi behar zaio (norberarenetik hasita) eta gero euskara batuaren ildoan sartzen lagundu behar zaio, baina etenik eta traumarik gabe.

(Jende askorentzat pasagune hori traumatikoa izan da, eta tamala da benetan).

Hortaz, kazetaritzan dabilenak zubiarena edo pedagogoarena egin behar du euskararen eta euskaldungoaren gaurko egoeran.

Horretarako, noski, euskara ongi jakin behar da, euskalkiak (bat gutxienez) eta bai euskara batua.

Euskara kontuan gure artean sortzen diren istiluak zubi hori ondo ez egitetik datoz, sarritan behintzat.

Eta hori bi muturretatik gerta daiteke: batuaren izenean euskalkiak zapalduz eta euskararen sena bortxatuz, edota euskalkien aitzakiaz euskara baturako pausua ez emanez.

Bi jokabide hauetan euskara batua eta euskalkiak elkarren kontra jartzen dira, gauzak bere onetik atereaz.

6. Nolanahi ere eta zenbaitek oraino euskara batuaren kontra dituen aurreiritzi edo " arrazoiak " aparte, nik neuk arazorik larrienak eta delikatuenak honako puntu honetan ikusten ditut gaurregun: euskara mintzatuaren eta euskara idatziaren arteko harreman eta dialektikan.

Hauxe dela uste dut oso bereziki landu eta argitu beharko litzatekeen auzia, batez ere komunikabideetako euskarari gagozkiolarik.

Izan ere, euskara batuaren izenean, ez dago euskararen erabilera guztiak nahasterik edo berdintzerik.

Euskara mintzatuari eta euskara idatziari trataera berezia zor zaie, zeini berea, nahiz eta helburua euskara batua eta bakarra izan.

Beharbada orain arte gauzak gehiegi nahasi eta fortzatu dira, euskara batu idatziaren eredua, besterik gabe eta bere horretan, euskara mintzatuari aplikatuz eta ezarriz.

Ez da ahantzi behar euskara batuaren eredua, hasieran eta Euskaltzaindiaren asmoz behintzat, usario idatzirako sortu zela, horretarako ortografiatik hasi zelarik.

Gauzak horrela planteatzea ez da auzia konplikatu nahi izatea, baizik eta hizkuntzaren funtzionamenduak berak dakarren eskakizuna.

Edonork daki euskara mintzatuan, esate baterako, problema bereziak eta espezifikoak planteatzen direla, euskara idatzian ez bezalakoak, eta alderantziz.

Hor dago fonetikaren mundu osoa.

Konparazio baterako, oso inportantea da euskara mintzatuan ebakera edo ahoskera (pronuntziazioa) eta horrekin batera doazen doinua, erritmoa, azentua, etab.

Hain zuzen, batzutan zenbaiten euskara batuak sortzen dituen arazoak eta zailtasunak hortik datoz: euskaldun jendearen doinua, erritmoa eta esamoldeak ez errespetatzetik.

Eta hori ere oso kontuan hartu beharrekoa da, batez ere ahozko mintzairan eta ahozko komunikabideetan.

7. Orain arte euskara mintzatuaren eta euskara idatziaren arteko bereizketa egin dugu, zeini berea eman nahian eta euskara batuaren barruan bi errejistro horietako bakoitzaren autonomia (autonomia erlatiboa) defendatuz.

Dena den, kazetaritzako lengoaia hizkera mintzatuaren inguruan kokatu dut, Martínez Albertos-en definizioari jarraiki.

Horiek horrela, bada auzi honetan aipaturiko bi errejistro horien tartean dagoen zerbait, eta gaurko komunikabideetan (batez ere ahozkoetan) aplikazio handia duena.

8. Sarritan gertatzen da komunikabideetan, batez ere irrati eta telebistan, gero ahoz esan beharrekoak lehenik idatzi egiten direla.

Baina idazte hau ez da idazte normala, gero moldezko letratan inprimatzeko, baizik eta ahoz eta ozenki esateko edo irakurtzeko pentsatua.

Horrek esan nahi du horrelakoetan oso estilo berezian idazten dela (edo idatzi behar dela), gutxi-asko hizkera mintzatuaren estiloan alegia.

Eta hala behar du izan ere, errejistro horretan emango bait da gero.

Puntu hau, ene ustez, oso kontuan hartu beharrekoa da, bai idazteko unean bai esaterakoan eta bai arazo hauetaz teorizatzerakoan.

Izan ere, ez da berdin hizkera idatziaren estiloan idaztea (eta hor ere maila asko dago), gero inprimatua izateko eta hizkera mintzatuaren estiloan idaztea, gero ozenki esana izateko (eta hemen ere printzipioz maila asko dagoela esan liteke).

Hortaz, bada hemen oso aintzakotzat hartu beharreko hirugarren hizkera bat.

Eta, besteak beste, hauxe izan liteke agian, gure kasurako, euskara idatziaren eta mintzatuaren artean zubia egiteko euskara mota.

Bestalde, arazo hau gaurregun ez da komunikabideetan bakarrik planteatzen.

Askotan hitzaldi bat edo antzeko zerbait egin behar denean, aurrez idatzi egiten da, (...).